Páginas

Mostrando entradas con la etiqueta oroitzapenen txokoa. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta oroitzapenen txokoa. Mostrar todas las entradas

martes, 15 de noviembre de 2011

LEHENENGO ALDIZ PRATIKATAN



Nire lehen praktikak. Nire lehen esperientzia irakasle bezala. Nire lehen mantala…

Gure lehen esperientzia bizitzen ari gara egun hauetan irakasle bezala. Askok, beldur handiarekin hasiko genuen abentura hau eta oraindik batzuetan beldurra sentituko dugu hainbat egoera berrien aurrean. Hori baitakar pertsonekin lan egiteak, egun guztiak desberdinak izan daitezkeela. Horregatik, nahiz eta askotan uste dugun jada dena ikusi dugula, beti topa gaitezke zerbait berriarekin. Honek beldurra sor dezake guregan baina egun bakoitza berezia izatea egiten du.

Marrazkian zein egoera islatu pentsatzen jarri nintzenean, dudak baino ez zitzaizkidan burura etorri. Milaka dira klasean bizi ditugun egoerak eta bat bera ez da bestea baino garrantzitsuagoa. Baina azkenean “Ulises” egiten dugun momentua marraztu nuen.

Egunero ekintza honekin hasten dugu eguna. Egoera asko bizi ditugu egunero eta hau ez da beste batzuk baino garrantzitsuagoa, baina nik bakarrik, andereño bezala egin nuen lehen lana da. Lehenengo egunetan Josunek egiteko aukera eman zidan eta agian horregatik niretzat momentu honek xarma berezia du. Esan dudan bezala egunero lehen orduan egiten dugun zerbait da eta marrazkian bezala kokatzen gara: arduraduna, Josune eta ni zutik eta beste haur guztiak lurrean eserita guri begira. Andereñoak fitxak erakusten dizkien bitartean, atzean dauden esaldiak irakurtzen ditu (zeinak fitxan ikusten den irudiaren inguruko informazioa ematen duen). Beraiek adi-adi entzun behar dute.

Praktika hauek hainbat sentimendu sortu ditu niregan: beldurra, poza, maitasuna eta pena (geroz eta gehiago). Haurrak oso tratu ona dute nirekin. Nire gelako pareta estaltzeko adina marrazkia egin dizkidate. Eta nik ere asko maite ditut eurak. Batzuetan lortu dute ni urduri jartzea baina lasaitzea lortzen dut eta egoera zailetan aurrera egitea lortu dut. Konturatu naiz pertsonekin lan egitea ez dela erraza, bakoitza oso desberdina delako eta ezin delako denekin berdin jokatu. Zaila da ahur bakoitza ezagutzea, bakoitzaren izaera eta egoera oso desberdina delako. Baina bere alde ona ere badauka: haur bakoitzak ematen didan besarkada bakoitzak nire lana zoragarria dela konturatzeko balio didalako.

Esperientzia hau oso baliagarria izango zaigula argi daukat. Ikasteko baliogarriena praktika dela pentsatzen dut. Klasean ikasten dugun teoria egoera desberdinetan nola jokatu jakiteko erabilgarria da. Baina egoera horiek pertsonalki bizitzen ez baditugu ez dugu jakingo nola aplikatu teoria errealitatean. Gainera teoria normalean oso orokorra da eta ez du kontutan hartzen haur bakoitzaren egoera.

Asko eskertzen dut praktikak egiteko aukera eman izana, Konturatzen bainaiz, karrera amaitu eta lanean sartzean oso zaila egingo zitzaigula. Horrela benetan andereño izateko momentua iristen zaigunean, egoerari aurre egiten jakingo dugu.

Irakaslea izatea erabaki nuenean hanka sartu ez nuela konturatzeko balio izan dit esperientzia honek. Zein zoragarria den konturatzeko. Haurrekin lan egitea zeinen aberasgarria den konturatzeko.












lunes, 7 de noviembre de 2011

GAUR EGUN...


Egunero elkartzen gara goiko marrazkian ikusten den ate horretan. Egunero lanean hasteko prest. Eta horregatik marraztu dut unibertsitateko sarrera, bertan hasten delako egunero dena.

Jada bi urte daramatzagu irakasle izateko ikasten. Oso gustuko dudan ikasketa da  hau. Hasiera batetik gustatu izan zaizkit haurrak, baina ez dut beti argi izan irakasle izatearena. Baina behin karrera hau egiten hasi nintzela konturatu nintzen benetan zein gustuko dudan. Orain badakit haurrekin lan egin nahi dudala, eta orain praktikatan nagoela, geroz eta argiago daukat hori. Aurretik , uda honetan , monitore bezala egin dut lana 7 urteko haurrekin, herriko udalekutan eta esperientzia zoragarria izan zen.

Ikasketa hauek egin ditudan bitartean jende asko ezagutu dut. Batzuekin harreman handiagoa daukat, baina orokorrean gelako giroa oso atsegina dela esan dezaket. Taldean lan egiten dugu orokorrean eta taldekoekin daukat harreman gehien. Gainera aurten taldeko birekin bizi naiz Donostiako pisu batean. Taldekideekin harreman zoragarria daukat, betidanik ezagutuko banie bezala.

Esan dudan bezala urte honetan Donostian bizi naiz beste hiru pertsonekin. Hirurak Legazpikoak dira eta bi nire klasekoak. Etxean ere oso ondo pasatzen dut, baina lana ere egiten dugu. Oso ondo dago klase-kideekin bizitzea horrela talde-lanak etxean egin ditzakegu.  Aurreko urtean joan-etorri egiten nuen Zumarragatik eta askoz ere astunago egiten zen. Egia esan Donostian ikasi eta bertan bizitzeak abantaila asko dauzka.

Normalean klasean taldean aiten dugu lan. Hau oso egokia da, asko ikasten baitugu lanen bitartez eta askotan aproposagoa da hau, azterketak egitea baino. Hau da, gehiago ikasten da lanak eginez, irakasleak klasean teoria emanez baino.

Ni orokorrean karrera honetan oso gustura sentitzen naiz. Lehenengo egunetik asko gustatu zitzaidan eta landu ditugun gai guztiak gustuko izan ditut. Baina, gehien gustatu zaidana eta batez ere harritu nauena edo nire atentzioa deitu duena, psikologiako ikasgaia izan da. Oso interesgarri iruditu zait lehenengo egunetik, eta oso garrantzitsua.

Nire estantzia irakasle-eskolan marrazki batean islatzeko eskatu didate. Hasiera batean ez nekien zer marraztu edo zein egoera marraztu, aukera asko bainituen. Baina sentitzen nuen guztia marrazkia batean islatzea oso zaila iruditzen zitzaidan. Nola islatu sentipen guztiak marrazkia bakar batean??? Ba esperientzia guztien hasiera irudikatuz. Horregatik irudikatu dut neure burua fakultateko sarreran, klasera sartu aurretik. Sentimendu guztien hasieran.

Oraindik beste bi urte geratzen zaizkigu Irakasle izan ahal izateko.  Baian ni behintzat bi urte horiei aurre egiteko gogo biziz nago. Lan egiteko gogoak ez zaizkit falta, lau urte hauen emaitza zoragarria izango dela badakit eta. Badakidalako lau urte hauek eta gero, nire ametsa bete ahal izango dudala. 

lunes, 31 de octubre de 2011

HAURRA NINTZENEKO UNEAK OROITUZ

Haurrekin lanean ari garela, ni ere nire Haur Hezkuntzako garaietara itzuli  eta hauetan pentsatzen jarri naiz. Aurretik beste sarrera batean esan nuen bezala, nik uste nire eskolako oroitzapenak nahiko onak direla. Nahiko pertsona itxia nintzen baina ala ere, lagunekin harreman ona nuen eta horrek eskolara pozik joatea eragiten zuen. Nik uste horren ondo pasatzearen arrazoia, klasean genuen giro ona dela. Denon artean oso ondo pasatzen genuen. Batzuetan bihurrikeri batzuk egiten genituen, baina orokorrean irakasle guztiak gutaz oso iritzi ona zuten . 


Guzti honekin nire esperientzia on batean eta esperientzia txar batean pentsatzen jarri naiz. Esperientzi onak asko dira eta txarrak ere. Gezurra badirudi ere, errazago egiten zait egoera txarrez oroitzea.

Hasteko gaizki sentitzea egin zidan egoera kontatuko dut. Hau galdetzen didaten bitartean beti egoera berdina kontatzen dut, beti berdina etortzen zait burura. Hau zerbaitegatik izango da. Momentu horretan, nahiz eta tontakeri bat izan, oso gaizki sentitu nintzen, batez ere ez ninduelako inork ez lagundu.

Bost urte inguru nituela, eskolara jostailu bat eraman nuen. Jostailu txiki bat baino ez zen, baina gurasoek oparitutakoa zenez oso gustuko nuen. Jolas orduan jostailuarekin atera nintzen patiora harekin jolasteko asmoz. Momentu batean, beste zerbait egitea nindoala, txamarrako poltsikoan utzi nuen gordeta. Denbora batez futbolean aritu nintzen eta jolas garaiaren amaieran, txamarra hartzera joan nintzenean, jostailua ez zegoen bertan. Momentu horretan asko larritu nintzen. Banekien bertan utzi nuela eta jada ez zegoen han. Lagunei esan nienean segituan esan zidan baten batek, nire klase-kide bat ikusi zuela nire txamarraren inguruan. Momentuan ez nuen dudarik egin. Nire klaseko ume hori beti liskar guztietan zegoen sartuta, eta hari bota nion erru guztia bi aldiz pentsatu gabe. Agian ez zen bera izan edo berak behintzat hor esaten zuen baina okerren sentiarazi zidana irakasleari esan nionean izan zen.


Jostailua lapurtu zidatela konturatu ondoren, andereñoari estera joan nintzaion. Bost urteko haur bat nintzen eta normalena andereñoari esatea iruditzen zait. Irakasleak nitaz paso egin zuen guztiz. Uler dezaket berak arazoa nik neuk konpondu nahi izatea, baina hitz egin zidan modua ez dut uste egokia izan zenik. Aurretik esan dudan bezala, ez zait horren arraroa egiten  haur batek irakasleari laguntza eskatzea, horregatik ez zait normala iruditzen, berak nola egin zuen nitaz paso eta nola esan, oso modu gogorrean, hori nire arazoa zela eta nik konpondu behar nuela. Oso gaizki sentiarazi zidan. Oso triste nengoen gurasoek oparitutako jostailua desagertu zelako eta andereñoren erantzunak guztiz hondoratu zidan.


Hau da haurra nintzeneko nire esperientzia txarra. Esan dudan bezala uler dezaket irakasleak arazoak neure kabuz konpontzen ikastea nahi izatea. Baina adin horretako haurrari gauzak beste era batean ulertarazi behar zaizkio, bere adinerako azalpen ulergarriak emanez. Bere erantzunarekin lortu zuen bakarra ni gaizki sentiaraztea izan zen eta jostailurik gabe geratzea.

Oroitzapen txarrak alde batera utzita, honetan pentsatzen jarriko naiz. Oroitzapen onak hasieran esan dudan bezala asko dira baina ez dut egoera konkretu bat gogoratzen. Saiatu naiz gogoratzen eta gurasoei ere laguntza eskatu diet baina ez dugu lortu. Hau dela eta ni re haurtzaroko momentu gustukoena kontatuko dizuet. Egun asko irauten zituen eta horren ondo pasatzea eragiten zidanaren zergatia azalduko dizuet.


Oroitzape on hori igerilekura igerian ikastera joaten ginekoa da. Urtean behin hilabete batez gutxi gorabehera igerilekura joaten ginen kurtsokoak igerian ikastera. Klaseka joaten ginen ordu desberdinetan. Klasetik taldean joaten ginen edota lehenengo orduan bazen, gurasoek eramaten ziguten. Hara iristerakoan, bainujantzia jartzen genuen eta martxan jartzen ginen. Oraindik oroitzen dut igerileku horretan egiten duen bero goxoa eta dagoen usaina.

Bi irakasle zeuden guri igerian erakusteko prest. Hasieran askok ez zekiten igerian, beste batzuk eskolaz kanpo joaten ginen igerilekura eta zerbait egiten bagenekien. Gogoratzen dut nola genuen espumazko karratutxoez osatutako flotagailua, igerian egitea errazten ziguna. Honetaz gain material berdinez egindako taula bat ere bagenuen eta bertan helduta egiten genuen igeri.

Ariketa desberdinak egiten genituen, igeri egiteko era desberdinak ikasteko: braza, bizkarrez, mariposa, … Baina momentu onena amaieran zetorren, guztioi gustatzen zitzaigun momentua, “alfonbrara” jolasten ginen unea. Irakasleek alfonbra zabaltzen zuten uretan eta guk, ikasleok, alfonbraren gainetik egin behar genuen korrika ez erortzen saiatuz. Oso dibertigarria zen eta oso ondo pasatzen genuen bakoitzak oreka nola mantentzen zuen saiatuz. Hasieran segituen erortzen ginen uretara baina denborarekin geroz eta gehiago mantentzen ginen alfonbra gainean. Hau izan da betidanik nire jolas gustukoena.

Agian askok, esperientzia hau, txar bezala gogoratuko dute ona beharrean. Bazegoen urari beldur handia zion jendea eta asko kostatu izan zitzaiona igerian ikastea. Baina niri, aitak askotan gogorarazten didanez, betidanik gustatu izan zait uretan ibiltzea. Oso txikia nintzenetik uretara botatzen nintzen pentsatu gabe, igerian jakin gabe eta amari oso gaizki pasaraziz. Gaur egun oraindik, oso gustuko dut uretan ibiltzea, nahiz eta ez naizen asko joaten igerilekura. Izugarri lasaitzen dit igeri egiteak eta oso sentsazio ona sortzen dit.

Igeriketa klaseak amaitzen zirenean, oso gustuko nuen beste momentu bat iristen zen. Izeba edo aitona joaten ziren nire bila, eta han polikiroldegian taberna zegoenez jatekoa erosten zidaten. Zoragarria zen igeri egitetik atera goseak amorratzen eta “txokolatezko napolitana”  jatea.

Besterik gabe, hauek dira nire haurtzaroko oroitzapen txarra eta ona. Baliagarria iruditzen zait, denboran atzera egitea eta haurtzaroko esperientzia birgogoratzea. Horrela errazago egingo zaigu haurren lekuan jartzea. Gu ere haur izan gara eta 4 urte izan ditugu eta beraiek bizi ditzaketen esperientziak  bizi izan ditugu. Garrantzitsua da, atzera begira jartzea eta gure irakasleek gaizki sentiarazitako momentuen inguruan hausnartzea. Horrela etorkizunean beraiek egindako akatsez ikasi eta gure ikasleei berdina ez egiteko.

viernes, 28 de octubre de 2011

ESKOLA GARAIAK OROITUZ...



Gaur nire eskola garaira itzuli naiz, eta horren inguruan hausnartzen jarri naiz. Niretzako urte zoragarriak izan ziren. Primeran pasatzen nuen bertan eta beti desiratzen nengoen hara joateko, bertan baitzeuden nire lagunak. Lehenengo eskola uneetan kostatu zitzaidan pixka bat ohitzea, amatxorekin geratu nahi izaten nuen.

Goizean goiz ohetik jaikitzen nintzen salto batez pozaren pozaz, banekien eta eskolara joateko garaia zela.  Eskola, ikasteko leku bat izateaz gain, lagunen topagune ere bazen. Orokorrean jarrera ona genuen baina gureak ere egiten genituen: mahaietan igotzen ginen dantzan egitera, abestiak asmatzen genituen, …

Klasekoen artean oso giro ona genuen, primeran eramaten ginen. Bestea gelakoak elkarren artean liskarrean zeuden bitartean gu jolasean aritzen ginen denok batera. Asko gustatzen zitzaigun denoi futbolean aritzea baita harrapaketatan jolastea ere.


Testu honen hasieran nik egindako marrazkia ikusi dezakezue. Neure burua marraztu dut, gelan, nire mahaian eserita marrazki bat egiten. Egoera hau irudikatzea erabaki dut, nire eskolako momentu gustukoena zelako. Ikaragarri gustuko nuen marrazkiak egitea edozein material motarekin. Imajinazio handiko neska nintzen eta buruan nituen irudiak orri batean islatzea zoragarria zen. Gurasoentzako marrazkiak egiten nituen etxean jartzeko, lagunei euren urtebetetzetan oparitzeko, …

Oraindik oroitzen dut nola 10 urte egin nituen egunean pailazo baten marrazkia egitea eskatu zigutela. Niri primeran atera zitzaidala iruditu zitzaidan, eta hori urte bat zaharrago nintzenaren ondorio zela pentsatu nuen une horretan. Haurren gauzak.

Marrazten nuenean, irudien mundu horretan sartzen nintzen eta horrek asko lasaitzen ninduen. Baina aipatu beharra daukat beti izan naizela nahiko neska urduria eta nahiz eta marrazteak lasaitzen ninduen, beti iristen zen une bat non ezin nintzen geldi egon eta nire eserlekutik altxatzen nintzen.

Hasieran aipatu dudan bezala, eskolako oso oroitzapen onak dauzkat. Baina, nola ez, bereziki gogoratzen ditudan momentuak, kideen urteak ospatzen genituenetakoa da. Hiru hilabetetik behin, hilabete horietan urteak betetako haurren ospakizuna egiten genuen. Lehenengo txokolatada erraldoi bat prestatzen genuen, eta jatekoaz egun hartako protagonistak arduratzen ziren. Janari asko pilatzen zen eta klasetik bete- beteta ateratzen ginen. Gero andereñok musika jartzen zigun, askotan guk klasera eramandako musika. Denetik entzuten genuen. Eta jarraian zoramena zetorren: dantza egitea gustuko genuenak, leiho alboetan zeuden mahaietara igotzen ginen, horrela une horretan kalean zegoen jendeak ikusteko. Zoragarri pasatzen genuen!!!!!

Hau da nire eskola garaiaz oroitzen dudana. Urte horietan primeran pasatu nuen. Askotan pentsatzen dut zoragarria litzatekela berriz ere garai haietara bueltatzea. Baina orain ere oso gustura nago. Beste esperientzia batean murgilduta gaude eta hemendik urte batzuetara, garai hauek ere ilusio handiz gogoratuko ditut. Orain nire lana haurren eskolako garaia ahaztezina eginaraztea da irakasle bezala.